martes, 5 de noviembre de 2013

VMware, OVA eta "Failed to deploy OVF package: The task was canceled by a user"

Azkenengo egunotan frogak egiten hasi naiz VMware vSphere Hypervisor-ekin (bere garaian VMware ESXi zena). Birtualizazio ingurune guztietan makina birtualen babeskopiak egin ahal izatea, edo template delakoak sortzea garrantzitsutsat jotzen dut, hori egiten saiatu naiz gaurkoan.


VMware, VirtualBox eta antzeko beste produktu batzuk, OVA/OVF formatua onartzen dute. OVF (Open Virtualization Format) estandar irekia da makina birtualak edo haien arteko softwarea banatu ahal izateko. OVF formatua berez direktorio bat da, non XML fitxategi bat dagoen, beste fitxategi batzuei erreferentzia egiten, adibidez diska irudi bat eta zertifikatu bat. Aipatutako OVA, OVF direktorioa da, tar-rekin artxibatuta fitxategi bakar batean.


VMwarek, OVA fitxategiak sortzen ditu makina birtual bat esportatzean, vSphere client bezeroarekin oso erraz egiten da, eta minutu batzuetan gure OVA fitxategia izango dugu, ederto! Erraza baino errazago…


Ondo, ezaugarri hau frogatzen dudan lehenengo aldia denez, saiatu naiz sortutako OVA fitxategi hori berriro inportatzen, vSphere client bezeroan “Deploy OVF template” laguntzailea aukeratu, pausu guztiak egin eta… justu inportatzen hasi denean akats bat! : “Failed to deploy OVF package: The task was canceled by a user” Ziur nago ez dudala ezer ukitu, baina badaezpada berriro exekutatu dut eta arazo bera!


Arazo bat zegoela argi ikusi dut, baina zein? VirtualBox-ekin OVA fitxategi bera inportatzea lortu dut arazo barik, beraz…


OVA fitxategiaren barruan zer zegoen erabaki dut, eta deskonprimatu ostean hiru fitxategiekin topo egin dut, espero nuen bezala:


  • makina.ova -> OVFren deskripzioa XMLan, horretan hardwareko eskakizunak agertzen dira, adibidez diska gogorra eta bere izena

  • makina.vmdk -> Makina birtualaren diska gogorra

  • makina.mf -> .ova eta .vmdk fitxategien checksuma (SHA1 formatuan)

Interneten bilatu ostean, XML fitxategian .iso fitxategi batera errerentzia bat bilatu behar nuela ikusi dut, hori aldatzeko edo ezabatzeko… Antza VMwarek askotan gehitzen du antzeko sarrera bat fitxategi horretara, eta horixe da arazoak ematen dituena. Ba bai, vmware.cdrom.iso sarrera bat zegoen XML fitxategian, garrantzitsua ez zela ematen zuenez (kasurik okerrenean cd unitatea gehitzeko aukera izango nuke instalatu ostean) ezabatzea erabaki dut. vSpheretik berriro “Deploy OVF template” aukeratu…. eta “Checksum Invalid” akats polit bat jaso dut :( Zorionez dena ez zegoen galduta, SHA1 checksuma aldatu behar nuen edo… antza .mf fitxategi hori ez da horren garrantzitsua, eta ez egotekotan VMwarek ez du checksuma kontuan hartzen, beraz…


Fitxategi hori ezabatu, berriro “Deply OVF template” aukeratu eta… eureka! Makina birtuala arazo barik inportatu da!

No hay comentarios:

Publicar un comentario