miércoles, 5 de octubre de 2016

Nola euskaratu Windows 10

Gutako askok honezkero Windows 10 erabiltzen ari gara, eta ziurrenik gazteleraz edo beste hizkuntza batean erabiltzen dugu.

Aurreko Windowsen bertsioak euskaraz jartzeko, hizkuntza-interfazearen paketea (LIP) bilatu eta instalatu behar genuen. Windows 10ean, aldiz, azkoz errazagoa da, Windowsetik zuzenean egin baitezakegu. Has gaitezen beraz!


Lehenik eta behin, Windows botoian klikatuko dugu eta ezarpenetara joango gara:

Agertuko zaigun pantailan, "Hizkuntza, data" aukeratuko dugu


Orain "Hizkuntzak" aukeratuko dugu


"Hizkuntzak" aukeratutakoan, eskumatan hizkuntzak gehitzeko aukera agertzen zaigula ikusiko dugu, "Hizkuntza gehitu" horretan klikatu eta hizkuntz zerrenda luze bat agertuko zaigu. Horretan euskara bilatu eta aukeratuko dugu:


Hizkuntzen zerrendan Euskara ikusiko dugu, "Ezarri lehenetsi gisa" hautatuko dugu, eta ostean, "Aukerak" atalean jaisteko klikatuko dugu.


Berrabiaraztean, gure Windows-eko profila euskaraz daukagula nabarituko dugu, baina makinaren hizkuntza lehenetsia aurrean geneukana izaten jarraituko du. Beraz, atal batzuk ez zaizkigu euskaraz agertuko. Hau aldatzeko, berriro ezarpenetara joango gara, hizkuntzen zerrenda daukan pantailara, aurreko pausuetako ibilbidea jarraituz. Hor, "Gailu-kudeatzailea" klikatuko dugu:


Agertuko zaigun pantaila berrian "Hizkuntza", eta ondorengoan "Ezarpen aurreratuak" aukeratuko ditugu:




Ia-ia bukatu dugu, hurrengo pausuan "Aplikatu hizkuntza-ezarpenak ongietorri-pantailan, sistemaren kontuetan eta erabiltzaile berrien kontuetan" klikatuko dugu


Kopiatu ezarpenak aukeratu...


... eta nahi dugun portaerak markatuko ditugu, ongi-etorri pantaila euskaraz izan nahi badugu eta erabiltzaile berrien kontuak euskaraz izan nahi ditugun...


Ordenagailua berrabiaraziko dugu eta...


viernes, 23 de septiembre de 2016

Zelan konpondu orduaren desberdintasuna Ubuntu 16.04 eta Windows 10 batera instalatuta daudenean

Windows 10 eta Ubuntu 16.04 instalatuta ditugunean desberdintasun bat nabarituko dugu sistema eragile bien erlojuetan.

Ubuntuk UTC erabiltzen du ordua gordetzeko eta Windows-ek "local time", horregatik desberdintasun hori bien erlojuetan. Hau konpontzeko Ubuntuk "local time" erabiltzeko konfiguratuko dugu.

Aurreko Ubunturen bertsioetan (16.04 baino zaharragoak) /etc/default/rcS editatu behar genuen UTC ezgaitzeko, baina 16.04 bertsioan hau aldatu dute. Orain terminal batetik ondorengoa egin beharko dugu:

# timedatectl set-local-rtc 1 --adjust-system-clock

viernes, 26 de agosto de 2016

Nola instalatu uBlock Origin Firefoxen talde politikak eta CCK2 erabiliz

Zergatik?

Iragarkiak blokeatzeak sekuritate eta errendimendu abantailak ematen dizkigu. Web arakatzailetarako gehigarri ezagun bat uBlock Origin da. Beste antzeko tresnak egon badaude ere (Adblock, adb.), gehien gustatzen zaidana hau da, arrazoi asko direla medio. Has gaitezen beraz...

Firefox ESR edo Firefox?

Nahi dugunerako berdin digu bata edozein bestea erabiltzeak. Nik normalean ESR bertsioa erabiltzen dut, egonkortasuna handiagoa delako eta aldaketak ere ez dira horren nabarmenak bertsio batetik bestera. Firefox ESR hemendik jaitsi daiteke. 32 bit-eko bertsioa erabiliko dut.

CCK2

Firefoxek (nik dakidala) ez dauka .admx txantiloiak talde politikekin erabiltzeko, baina garatzaile batek CCK2 gehigarria garatu du. Honekin autokonfigurazio fitxategiak sor ditzakegu, eta behin Firefoxen instalazio direktorioan jarrita, profil guztiek guk sortutako konfigurazioak hartuko dituzte. Esan dezakegu Firefoxen Talde Politikak direla, eta CCK2 editorea dela. Has gaitezen beraz gure Firefoxen gehigarri hau instalatzen CCK2 webgunetik.

uBlock Origin-en URLa

CCK2n uBlock Originen URLa erabiliko dugu, horrela Firefoxek jaitsi eta eguneratzeko gai izango baita. URL hau lortzeko:
  1. Firefoxen helbide hau irekiko dugu https://addons.mozilla.org/eu/firefox/addon/ublock-origin/
  2. "Gehitu Firefox(e)ra" botoian eskumako botoiarekin klikatuko dugu eta "Kopiatu loturaren helbidea" aukeratuko dugu
  3. Honelako zerbait izango dugu: https://addons.mozilla.org/firefox/downloads/latest/ublock-origin/addon-607454-latest.xpi?src=dp-btn-primary
  4. Esteka osoa ez dugu behar, berez xpi-ren atzetik datorren guztia kenduko dugu, honelako zerbait lortzen: https://addons.mozilla.org/firefox/downloads/latest/ublock-origin/addon-607454-latest.xpi

CCK2n konfigurazio profil berria sortu

CCK2 abiaraztean profil berria sortzeko aukera emango digu (aldez aurretik egindako bat aldatu nahi badugu "File" menutik irekiko dugu)


Konfigurazio profilari izen bat eman behar diogu, adibidez gure enpresaren izena, eta Identifier atalean CCK2k erabiliko duen barneko izena (Behin ezarrita hau agertuko da "Mozilla Firefox(r)i buruz atalean). Identifikadore honek bakarra izan behar du CCK2n, produkziorako profila bada gure posta helbidea izan daiteke.

Hurrengo pantailan bertsio zenbakia ezarri ahal dugu, eta garrantzitsuena, "Output Directory". Horretan CCK2k autokonfigurazio fitxategiak utziko ditu


Ezkerreko menuan Add-ons aukeran klikatuko dugu eta "Add URL" aukeratu ostean, aurreko pausuan lortu dugun uBlock Origin-en URLa jarriko dugu. Bide batez, beste aukera batzuk ezarri nahi baditugu, ezkerreko menuan ezarri ahal izango ditugu, gure enpresaren hasiera-orria, adibidez.

Bukatutakoan, ezkerreko menuan Finish aukeratuko dugu eta horretan "Use Autoconfig"-en klikatu. Dena ondo egin badugu mezu bat agertuko zaigu, non lehen ezarritako direktorioan zip fitxategi bat sortu digula esango digun.

Talde Politiken bidezko banaketa

Aurreko pausuan sortutako zip fitxategia deskonprimatuko dugu gure sareko share batean (eskuragarri egon behar du abiaraztean, beraz, software banatzeko erabiltzen dugun sharea erabilgarria izan daiteke).
Horren edukia kopiatu beharko dugu makina guztietako C:\Program Files (x86)\Mozilla Firefox\ direktorioan. Eskuz egin dezakegu, edo bestela, Talde Politiken Fitxategi Ezarpenak erabiliz. Hurrengoak sortuko ditugu:

  • Replace (Apply once and do not reapply)
    • \\fileserver\share\FirefoxCCK2\*.*
    • C:\Program Files (x86)\Mozilla Firefox
  • Replace (Apply once and do not reapply)
    • \\fileserver\share\FirefoxCCK2\cck2\*.*
    • %ProgramFiles(x86)%\Mozilla Firefox\cck2\
  • Replace (Apply once and do not reapply)
    • \\fileserver\share\FirefoxCCK2\cck2\modules\*.*
    • %ProgramFiles(x86)%\Mozilla Firefox\cck2\modules\
  • Replace (Apply once and do not reapply)
    • \\fileserver\share\FirefoxCCK2\defaults\pref\*.*
    • %ProgramFiles(x86)%\Mozilla Firefox\defaults\pref\

jueves, 25 de agosto de 2016

Nola eguneratu VMware ESXi esxcli erabiliz

SSH Aktibatu

Lehenik eta behin, eguneraketa hauek gauzatu ahal izateko, gure ESXi zerbitzarian ssh aktibatu behar dugu, hori egiteko aukera asko daude, baina errazena vSphere client erabiltzea da. Horretarako vSphere Client zabalduko dugu eta ondorengo pausuak jarraituko ditugu:
  1. Gure host aukeratuko dugu eta Configuration fitxa klikatu
  2. Software panelean Security Profile klikatu
  3. Services atalean, Properties klikatu
  4. SSH aukeratuko dugu eta Options klikatu
  5. SSHren aukerak aldatu nahi dugun portaera aukeratuz. Nik normalean makina berrabiarazten denean SSH aktibatuta izan nahi dut, beraz "Start and stop with host" aukeratzen dut.
  6. Ok klikatu

Eguneraketa jaitsi

Eguneraketak eskuratzeko VMware-ren webgunean MyVMware atalera joan beharko dugu, eta behin hor, Product Patches aukeratu. Atal berri honetan gure produktua aukeratuko dugu, kasu honetan ESXi (embedded and installable) eta bertsioa, horrela azkenenego eguneraketak agertuko zaizkigu.


Nahi duguna aukeratu eta jaitsiko dugu...

Jaitsitako eguneraketa VMware host-era kopiatu eta aplikatu

Eguneraketa jaitsi ostean, gure VMware host-era kopiatuko dugu, nahi dugun datastore-ra. Normalean datastore lokal bat aukeratzen dut. Jaitsitako fitxategia kopiatzeko scp erabiltzen dut, hortaz lehenengo pausuan SSH aktibatzearen beharra.

Behin eguneraketaren fitxategia kopiatuta, ssh-ren bidez konektatuko gara gure ESXi-ra eta gure ESXiren bertsioa ziurtatuko dugu hurrengo komandoa erabiliz:

vmware -v

Honelako zerbait itzuliko digu:

VMware ESXi 6.0.0 build-3825889
Orain jaitsitako eguneraketa ezarriko dugu esxcli-ren bitartez:
 esxcli software vib install -d /datastore/directory/jaitsitako_eguneraketa.zip
Eguneraketa behin instalatuta mezu bat ikusiko dugu:
The update completed successfully, but the system needs to be rebooted for the changes to be effective.
 ESXi host-a berrabiaraziko dugu (gogoratu berrabiarazi baino lehen makinak amatatu behar direla, arazoak ez izateko)

Gure ESXi host-a behin piztuta ssh-ren bidez konektatuko gara eta bertsioa baieztatuko dugu
vmware -v
VMware ESXi 6.0.0 build-4192238
 Eguneratuta!!!

miércoles, 1 de junio de 2016

Windows 10 ez da amatatzen beste sistema eragilerekin batera instalatuta dagoenean

Windows 10 eta Ubuntu batera instalatuta dauzkadan ordenagailu batzuk ditut. Hauetan arazo bitxi bat izan dut, Windows 10 ez dela erabat amatatzen... Zergatik?

Zeozer bitxia iruditzen zitzaidan, beste ordenagailuan arazo hori ez baitut izan, hori bai, Windows 10 sistema eragile bakarra zenean. Litekeena beraz "dual boot" instalazioa zela arazo hori sortzen zuena.

Ez nuen zergatia erabat ulertzen eta azkenean erruduna topatu dut, Windows 10en ezaugarri bat, "Fast Startup" delakoa. Baina zer da "Fast Startup" hori?

"Fast Startup", bere izenak azaltzen duen moduan, sistema eragilea abiarazteko abiadura hobetzen du. Horretarako, ordenagailua itzaltzen dugunean, Windowsek aplikazio guztiak ixten ditu eta erabiltzaile guztien sesioak ixten ditu. Momentu honetan Windowsen egoera ia-ia abiarazi berri denaren antzekoa da, orduan "Fast Startup" ezaugarri horrek sistemaren egoera hibernazio fitxategian gordetzen du, eta momentu horretan ordenagailua amatatzen du.
Hau dena burutzeko, partizio aktiboa Windowsena izan behar omen da, ez izatekotan ez da prozesua amaitzeko gai. Nire kasuan grub erabiltzen dut sistema eragileak abiaratzeko, eta bere partizio propioan dago, Windowsen eguneraketak ez gainidazteko.

Arazo hau konpontzeko errazena "Fast Startup" ezgaitzea da, eta horretarako Windowseko erregistroaren gako bat aldatu beharko dugu:

HKLM\SYSTEM\CurrentControlSet\Control\Session Manager\Power\HiperbootEnabled

Gako honek balio bi izan ditzake:

  • 0: "Fast startup" ezgaituta
  • 1: "Fast startup" gaituta

Argi dago zein den erabili behar duguna. Aldaketa hau talde politika baten bitartez ere ezarri dezakegu, ondorengo ibilbidean:

Computer Management\Preferences\Windows Configuration\Registry



Konponduta!

jueves, 25 de febrero de 2016

LibreOffice instalatu Talde Politiken (GPO) bitartez

LibreOffice-ko webgunetik jaitsitako .msi instalatu nahi badugu akats bat topatuko dugu talde politiken bitartez instalatzen saiatzean.
Akats hau LibreOffice-ko MSIak dauzkan hizkuntz kopuru handiagatik sortzen da, eta konponketa nahiko erraza da, baina horretarako MSI paketea aldatu beharko dugu.
Aldaketak egiteko InstEd erabiliko dugu (Orca edo antzeko tresnak ere erabil ditzakegu, edozein MSI editorea, alegia). InstEd-ekin MSI paketea zabalduko dugu eta Tables -> Summary Info aukerara joko dugu, hor baitago arazoa, Languages atalean, non hizkuntz kode gehiegi agertzen diren.


Arazoa konpontzeko ‘1033′ kodea besterik ez dugu utziko, beste guztiak ezabatuz. Horren ostean aldatutako MSI pakete berria gordeko dugu eta gure talde politiketara gehitu ahal izango dugu inolako arazo barik.

Gehigarri gisa, hizkuntz kodeak zeintzuk diren ikusi nahi baditugu, https://msdn.microsoft.com/en-us/goglobal/bb964664.aspx estekan topatuko ditugu.