miércoles, 23 de enero de 2013

Zergatik FreeBSD?

Urteak dira Unix eta “Unix-alike” sistemak erabiltzen hasi nintzenetik, 15 urte gutxi gorabehera txarto gogoratzen ez badut. Denbora guzti honetan honelako sistema asko erabili ditut, haien artean SCO Unix, Solaris, Linux mota ezberdinak (Slackware, RedHat, Debian, Ubuntu, RHEL, CentOs eta antzekoak…). Egun sistema bati erabat lotuta dagoen zerbitzu bat erabili behar ez badut, sistema eragilea hautatzean nire erabakia oso argia da, FreeBSD.


Orain dela aste batzuk, lagunen artean (Affligem kupelatxo batekin lagunduta), haietako batek honelako galdera egin zuen: “Zergatik erabiltzen duzu FreeBSD?” (hauxe dena gertatu zen beste lagun baten portatila eguneratzen ari nintzen bitartean freebsd-update tresnarekin ;-) )


Hasiera batean nire erantzuna honelakoa izan zen: “Eroso nagoelako, gauzak bere lekuan daudelako, estrukturatuta, ports sistema…”


Aste hauetan galdera horri buelta batzuk eman dizkiot, erantzun zehatzagoa emateko asmoarekin. Galdera hori Linux erabiltzaile-administrari batek egin zuen, beraz nire burutazio batzuetan Linux hartu dut kontrapuntu gisa.


FreeBSD erabiltzeko arrazoi gehiago badaukat, baina nagusienak honako hauek dira:


  • Egonkortasuna: FreeBSDk ospe handia dauka bere egonkortasunagatik, eta hau eskarmentuak baieztatu dit. 12 urtez erabili dut FreeBSD eta ez dut inoiz sistemari leporatuta egonkortasun arazorik izan (hardware arazoak izan ezik). Hau zoritxarrez ezin dut esan beste sistema eragileei buruz, ospetsuak diren “Enterprise” bertsio horiek barne… (Solaris izan da antzeko lasaitasuna eskaini didan bakarra). Honetan ziurrenik zerikusi handia dauka FreeBSDko garapenak, Kernela eta oinarrizko sistema batera garatzen baitira.

  • FreeBSD oso ondo antolatuta dagoen sistema bat da, arlo guztietan. Fitxategi sistema (oinarrizko sistema leku batean dago, eta instalatutako programak beste leku batean, ez dena nahastuta!), kernela, konfigurazioak… gauzak bere lekuan azken finean. Ez naiz ibili behar leku batetik bestera konfigurazio fitxategiak bilatzen, eta jakina, xaman jantzia ez dut jantzi behar zerbitzu bat zelan abiarazi jakiteko!

  • Ports sistema: Onartu behar dut hasieratik maiteminduta nagoela software hedapen sistema honekin. Batzutan ez dut eskuragarri izango ‘x’ softwareko azkenengo bertsioa, baina egonkortasuna da helburu nagusia. Nahiago dut ondo dabilen programa bat, nahiz eta bertsioa pixkat zaharkituta izan (oso gutxitan gertatzen da hau), akats pilo dauzkan oso eguneratutako beste bertsio bat baino.

  • Dokumentazioa: Honi buruz zer esan, oso jende gutxi ezagutzen dut FreeBSDko dokumentazioaren kalitatea zalantzan jartzen duenik. Ondo sailkatuta, irakurtzeko erraza… FreeBSD Handbookak eredua izan beharko luke beste proiektu askotarako.

  • FreeBSD eta orokorrean BSD komunitateentzat teknologia da helburu nagusia, ez lizentziak edo nolabaiteko aktibismo politikoa, askatasunak (mota ezberdinak daude, antza, gero eta mota gehiago esango nuke nik…) eta horrelakoak. Jakina, Linux munduan dena ez da horrelakoa, baina askotan bai nabaritzen direla aspektu hauek, eta integrismoa sortzen da. Onartzen dut batzutan neuri ere gustatzen zaidala lizentziei buruz eztabaidatzea, baina normalean hori gertatzen denean garagardo batzuk daude tartean… (bale, beste batzuk sabelean dagoeneko!)

  • … eta azkenik, eta ziurrenik arrazoi garrantzitsuena… nahi dudalako :)

No hay comentarios:

Publicar un comentario